Olloki
“Umetatik erakutsi izan du Andoni Ollokiegi Olaetxeak kanturako zaletasuna, eta gitarrarekin jostetan aritzeko gaitasuna. Familia-giroan eta lagunartean josteta-moduan hasi zen kantuan, eta gerora, Euskal Herriko plaza, gaztetxe, eta besta-giroko oholtzetan zaildu da musikari sanjuandarra. Ahots-erregistroa nahieran darabil bere kantuetan, entzulea txunditzeraino.
Bakarkako ibilbideagatik da ezaguna, batez ere, Andoni Ollokiegi. Bekataria lana argitaratu zuen 2023ko udazkenean, bekatu kapitaletako bakoitzari kantu bana eskainiz. Reggaetoia, rocka, metala, popa, diskoa, doinu dantzagarriak, trikitia… nahastu zituen lan hartan, eta Kai Nakai, Arturo Sax, Yogurina Borova, Kukubird eta Garitasen kolaborazioak izan zituen hamar kanten grabazioan.
Bigarren diskoa argitaratu du orain, Alienatuta. Estilo uga- ritasunarekin segitzen badu ere, aitzinekoak baino kohesio handiagoa du lan honek, eta abestiak ez daude gai bakar bati lotuak. Gaurkotasun handiko gaiak izan ditu hizpide: sare sozialak, prekarietatea, maitasuna, parranda, euskara… eta popa eta rocka nagusi dira. Hamaika abestietatik guztiak dira euskaraz, bat izan ezik, gaztelaniaz lehen aldiz kantatu baitu. Julie Roault kantariak frantsesez ere abestu du kanta-zati bat. Aitzineko diskoko kolaboratzaileen artetik Garitasek errepikatu du, oraingoan rap batekin, eta Ainhoa Ollokiegi arrebak bi kantutan ahotsa paratu du.”
Jon Abril